2011/05/16

BIzkaiko Bertso Eskolen Arteko Eguna 2011. Maiatzak 21 Iurretan.

Aurten, lehenengoz, Bizkaiko Bertso Eskolen Eguna ospatuko da, Iurretan, maiatzaren 21ean.
Orain arte Bizkaiko Bertsozale Gazteen Eguna ospatu izan da, baina aurten izena eta izana (apur bat) aldatzea erabaki eta bertso-eskoletako umeen parte hartzea ere bultzatuko da. Eguna antolatzeko, eskualdeetako ordezkariak batzarrak egiten dabiltza, Bizkaiko Bertsozale Elkartean.

Betiko moduan, ezaugarri jakin batzuk dituen herria aukeratu dugu eguna ospatzeko: herri txikia, ondo komunikatua eta bertsozale inplikatuak dituena.

Egitarauari dagokionez, goiz partean taldekako jolasak egingo ditugu. Gero, bazkaria, eta ostean, eskualde bakoitzak bere emanaldia eskaintzeko aukera izango du. Ondoren, bertso-saio “formala” izango da, bertsolari gonbidatuekin.

Ohitura onei eutsiz, iluntzean bertso-poteoa izango da herriko tabernetan, musikariek lagunduta, eta taberna bakoitzean ariketaren bat egin beharko dute bertsolariek, taldeka. Hau amaitutakoan, badakizue: umeak lotara eta besteok…hurrengo tabernara! Gainera, nahi izanez gero, Durango ere bertan daukagu…

Eguna ondo antolatzeko, eskualde bakoitzak jarduera baten ardura hartu du. Ezetz igarri zer egin behar dugun Kilika bertso-eskolakook…: bertso-poteoa antolatu!! Hilean bat antolatzen dugula jakinda, ez zaigu asko kostako Bizkaiko beste eskolen aurrean gure “abilidadeak” erakustea…


Iratxe

No hay comentarios:

Publicar un comentario