2011/02/20

KILIKA BERTSO ESKOLA BERRIA

Umezurtz izateari utzi diogu Ezkerraldeko eta Meatzaldeko bertsolariok. Barakaldon asteroko bertso eskola egin eta gero, afaltzeko batu, eta txanpain artean martxan jarri genuen Kilika bertso eskola. Jaio berria den arren, ilusioa, indarra eta lanerako gogoa ditu ardatz. Gurea bezalako hain gune erdaldun batean erronka honi aurre egiteko prest gaude. Guk, ezkerralde, meatzalde, enkarterri eta orohar Euskal Herri euskaldun batean amesten eta sinisten dugu. Bertsoa lan tresna, horrekin gozatzen baitugu, bagoaz ametsa errealitate bihurtzera. Gure bidean gertuko lagun ditugun Zallako eta Trapagako bertso eskolekin, han eta hemen, gure eskualdea bertsozaletzeko ilusioarekin egingo dugu lana. Eta beti irribarre batekin ahoan eta dizdira berezi batekin begietan. ZORIONTSU. Giro ezinhobea lortu dugu guztion artean, ekipo-izaera elikatuz, bidean harriak jarri ordez, bidea egiten. Bazen garaia! Guzti hau ez litzake posible izango, gurean lan egiten egon diren guzti hoiek gabe. Mila esker bertsoa gure belarri eta begietaraino ekarri zenutelako. Orain martxan guztiz jartzea baino ez zaigu falta. Horretan gaude. Astero ostegunetan 19.30etan batzen gara Barakaldoko AEK-n. Gure ateak zabalik daude parte hartu nahi duenarentzat!