2011/05/16

BIzkaiko Bertso Eskolen Arteko Eguna 2011. Maiatzak 21 Iurretan.

Aurten, lehenengoz, Bizkaiko Bertso Eskolen Eguna ospatuko da, Iurretan, maiatzaren 21ean.
Orain arte Bizkaiko Bertsozale Gazteen Eguna ospatu izan da, baina aurten izena eta izana (apur bat) aldatzea erabaki eta bertso-eskoletako umeen parte hartzea ere bultzatuko da. Eguna antolatzeko, eskualdeetako ordezkariak batzarrak egiten dabiltza, Bizkaiko Bertsozale Elkartean.

Betiko moduan, ezaugarri jakin batzuk dituen herria aukeratu dugu eguna ospatzeko: herri txikia, ondo komunikatua eta bertsozale inplikatuak dituena.

Egitarauari dagokionez, goiz partean taldekako jolasak egingo ditugu. Gero, bazkaria, eta ostean, eskualde bakoitzak bere emanaldia eskaintzeko aukera izango du. Ondoren, bertso-saio “formala” izango da, bertsolari gonbidatuekin.

Ohitura onei eutsiz, iluntzean bertso-poteoa izango da herriko tabernetan, musikariek lagunduta, eta taberna bakoitzean ariketaren bat egin beharko dute bertsolariek, taldeka. Hau amaitutakoan, badakizue: umeak lotara eta besteok…hurrengo tabernara! Gainera, nahi izanez gero, Durango ere bertan daukagu…

Eguna ondo antolatzeko, eskualde bakoitzak jarduera baten ardura hartu du. Ezetz igarri zer egin behar dugun Kilika bertso-eskolakook…: bertso-poteoa antolatu!! Hilean bat antolatzen dugula jakinda, ez zaigu asko kostako Bizkaiko beste eskolen aurrean gure “abilidadeak” erakustea…


Iratxe

2011/05/03

Enkarterriko Bertso Topaketak 2011.

Orain hiru urte hasi zen proiektuak aurrera darrai. Hiru urte ekimen polit hau antolatzen, hiru urte Enkarterriko bertso-giroa handitzen. Aurten Kotorrio auzoan izango dira maiatzaren 13tik 15era, Abanto Zierbana Udalerrian. Enkarterriko Mankomunitatea, Abanto Zierbanako Udala eta Bertsozale Elkartearen laguntzarekin, eta inguruko bertsolarien ilusio eta lanarekin, aurtengoan topaketak indarberrituak aterako dira. Adin ezberdinetako 30 bertsolari inguruk hartuko du parte, eta programa zabala antolatu dute bertso eskoletako nagusiek. Zallako Bertso Eskolak berriro ere antolakuntzan zein topaketetan bertan hartuko du parte, bere adar gazteekin batera; Trapagako eta Kilika Bertso Eskola berriak; Portugaleteko okupa bertsolariak eta beste hainbat talde izango ditugu bertan. Ekintzarik aipagarrienak  honako hauek dira: larunbat arratseko Sustrai Kolinak eta Unai Iturriagak emango dizkiguten klase eta berbaldiak  eta iluntzeko bertso afaria.

Igandean eguerdian, Gallartako plazan bukatuko dute topaketa hauek, partehartzaile guztiok batera egingo dugun bertso saio erraldoiarekin. Beraz, orain disfrutatzea besterik ez zaigu falta. Hau guztia maiatzaren 13,14 eta 15ean Kotorrion.

Hona hemen  prestatutako egitaraua:

Maiatzak 13, Ostirala
18:00 Harrera.
19:00 Taldeka eta banakako aurkezpenerako dinamikak.
21:00 Afaria
22:30 Euskal Abestien kantaldi partehartzailea eta gazteentzako dinamika partehartzaileak.
Maiatzak 14, Larunbata
8:30 Gosaria
10:00 Mendi buelta inguruko bideetatik.
13:00 Bertso eskola. ( gazteak eta nagusiak banaturik )
14:30 Bazkaria
17:30 Kanpotik etorritako bi bertsolariekin eskola. (Gazteak eta nagusiak banaturik ) UNAI ITURRIAGA ETA SUSTRAI COLINA.

21:00 Bertsolariekin bertso-afaria.
Maiatzak 15, Igandea.
8:30 Gosaria
10:00 Bertso-eskola.
13:00 Partehartzaile guztien bertso saioa Gallartako plazan.
14:30 Bazkaria eta bukatzean dana batu eta agurra.


Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu  Abantoko Mendi taldeari eta Axola Euskara Taldeari emandako laguntzagatik. Eta orain, disfrutatzea besterik ez zaigu falta. GORA ENKARTERRIKO BERTSOLARIAK!!!!!!