2011/05/16

BIzkaiko Bertso Eskolen Arteko Eguna 2011. Maiatzak 21 Iurretan.

Aurten, lehenengoz, Bizkaiko Bertso Eskolen Eguna ospatuko da, Iurretan, maiatzaren 21ean.
Orain arte Bizkaiko Bertsozale Gazteen Eguna ospatu izan da, baina aurten izena eta izana (apur bat) aldatzea erabaki eta bertso-eskoletako umeen parte hartzea ere bultzatuko da. Eguna antolatzeko, eskualdeetako ordezkariak batzarrak egiten dabiltza, Bizkaiko Bertsozale Elkartean.

Betiko moduan, ezaugarri jakin batzuk dituen herria aukeratu dugu eguna ospatzeko: herri txikia, ondo komunikatua eta bertsozale inplikatuak dituena.

Egitarauari dagokionez, goiz partean taldekako jolasak egingo ditugu. Gero, bazkaria, eta ostean, eskualde bakoitzak bere emanaldia eskaintzeko aukera izango du. Ondoren, bertso-saio “formala” izango da, bertsolari gonbidatuekin.

Ohitura onei eutsiz, iluntzean bertso-poteoa izango da herriko tabernetan, musikariek lagunduta, eta taberna bakoitzean ariketaren bat egin beharko dute bertsolariek, taldeka. Hau amaitutakoan, badakizue: umeak lotara eta besteok…hurrengo tabernara! Gainera, nahi izanez gero, Durango ere bertan daukagu…

Eguna ondo antolatzeko, eskualde bakoitzak jarduera baten ardura hartu du. Ezetz igarri zer egin behar dugun Kilika bertso-eskolakook…: bertso-poteoa antolatu!! Hilean bat antolatzen dugula jakinda, ez zaigu asko kostako Bizkaiko beste eskolen aurrean gure “abilidadeak” erakustea…


Iratxe

2011/05/03

Enkarterriko Bertso Topaketak 2011.

Orain hiru urte hasi zen proiektuak aurrera darrai. Hiru urte ekimen polit hau antolatzen, hiru urte Enkarterriko bertso-giroa handitzen. Aurten Kotorrio auzoan izango dira maiatzaren 13tik 15era, Abanto Zierbana Udalerrian. Enkarterriko Mankomunitatea, Abanto Zierbanako Udala eta Bertsozale Elkartearen laguntzarekin, eta inguruko bertsolarien ilusio eta lanarekin, aurtengoan topaketak indarberrituak aterako dira. Adin ezberdinetako 30 bertsolari inguruk hartuko du parte, eta programa zabala antolatu dute bertso eskoletako nagusiek. Zallako Bertso Eskolak berriro ere antolakuntzan zein topaketetan bertan hartuko du parte, bere adar gazteekin batera; Trapagako eta Kilika Bertso Eskola berriak; Portugaleteko okupa bertsolariak eta beste hainbat talde izango ditugu bertan. Ekintzarik aipagarrienak  honako hauek dira: larunbat arratseko Sustrai Kolinak eta Unai Iturriagak emango dizkiguten klase eta berbaldiak  eta iluntzeko bertso afaria.

Igandean eguerdian, Gallartako plazan bukatuko dute topaketa hauek, partehartzaile guztiok batera egingo dugun bertso saio erraldoiarekin. Beraz, orain disfrutatzea besterik ez zaigu falta. Hau guztia maiatzaren 13,14 eta 15ean Kotorrion.

Hona hemen  prestatutako egitaraua:

Maiatzak 13, Ostirala
18:00 Harrera.
19:00 Taldeka eta banakako aurkezpenerako dinamikak.
21:00 Afaria
22:30 Euskal Abestien kantaldi partehartzailea eta gazteentzako dinamika partehartzaileak.
Maiatzak 14, Larunbata
8:30 Gosaria
10:00 Mendi buelta inguruko bideetatik.
13:00 Bertso eskola. ( gazteak eta nagusiak banaturik )
14:30 Bazkaria
17:30 Kanpotik etorritako bi bertsolariekin eskola. (Gazteak eta nagusiak banaturik ) UNAI ITURRIAGA ETA SUSTRAI COLINA.

21:00 Bertsolariekin bertso-afaria.
Maiatzak 15, Igandea.
8:30 Gosaria
10:00 Bertso-eskola.
13:00 Partehartzaile guztien bertso saioa Gallartako plazan.
14:30 Bazkaria eta bukatzean dana batu eta agurra.


Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu  Abantoko Mendi taldeari eta Axola Euskara Taldeari emandako laguntzagatik. Eta orain, disfrutatzea besterik ez zaigu falta. GORA ENKARTERRIKO BERTSOLARIAK!!!!!!

2011/04/18

ikasi, maitatu... ari!!!!



Korrika bere helmugara heldu da; 10 egun, milaka kilometro, ileak tente, nekea, beste hainbat iribarre... hau da gure korrika, ez dago parekorik. Hona hemen korrika Barakaldotik pasatu zeneko bideoa. Gora Euskalakariak: 



Eta Korrikaren azkenengo metroak Donostian.

2011/04/15

BERTSOTAN DABILEN ETXEA, EZ DA INOIZ HUTSIK EGONGO!!!

20 urte baino gehiago daramatzat bakarrik. usteltzen... Nire teilatua usoentzako aterpe, hormek negar egiten dute, heze daukat bihotza eta Portugaleteko udalak urteotan usteltzen utzi nau, koskojales kalean ez banengo bezala. Martxoaren 27an, trikiti doinuak entzun nituen kalean zehar, gazteak kalejiran gozatzen ikusi nituen. Nire barnera sartu ziren, gogoz eta hilabete askotan izerdi patsetan kolorez margoztu dute nire barrena, indartsu, maitakor, nire sena berpiztuz.

2010ko Irailaren 25a, larunbata...
Goiza zen, bat-batean bertsoak entzun nituen urteak hutsik zeramatzan hormen artean. Konturatu nintzen  gazte talde baten eskutik, bertso eskola bat hasia zela. Hasieran gaztetxo kuadrila bat biltzen zen, baina laster bertsotarako grina zuten batzuk geratu dira, nire barrena soinuz betez. Asteak joan, asteak etorri hemen itxaroten ditut ateak zabal-zabalik desalojoa hurbil izan dudan arren. Noizbehinka beraien falta sumatzen dut, baina badakit hurrengo asteburuan berriz ere euren ahotsek zirrara sortuko didatela.

Orain gutxi, urtebete ospatu zuten, bizitza eman zidatenetik, bapo bazkaldu ostean, topa egin zuten  nire omenez. Burrunba sumatu nuen, ileak zut, begiak dir-dir, bihotza taupadaka zoratzeko zorian. Larunbateroko goizak lez, topa egiteko bertsotan aritu ziren!!! Jakin badakit egunen batean nire bihotzak taupatzeari utziko diola, gazte hauek etxean  bizirautea udalaren esku zikinetan baitago.

Orain gutxi, urtebete ospatu zuten, bizitza eman zidatenetik, bapo bazkaldu ostean, topa egin zuten  nire omenez:
 
Hamaika aldiz amestu eta ospatu dugu urtebete,
nahizta udalak ta USURPOSAK
jarri desalojo epe,
baina gazteok daukagu giltza,
ta gaztetxoek etxeari bizitza,
hasieratik jo ta ke,
KOSKOENEA sentipenen dantza,
ta koskopeña ez izan zalantza,
ozen kantatu nezake...
BIHOTZA OKUPATU DIDATE!!!

Burrunba sumatu nuen, ileak zut, begiak dir-dir, bihotza taupadaka zoratzeko zorian. Larunbateroko goizak lez, topa egiteko bertsotan aritu ziren!!! Jakin badakit egunen batean nire bihotzak taupatzeari utziko diola, gazte hauek etxean  bizirautea udalaren esku zikinetan baitago.

KOXKOENEAKO BERTSO TALDEA



2011/04/05

Irrika, Korrika....KILIKA!!!!!

Ostegunero egiten dugun moduan, aurrekoan ere, San Bizenteko Aek-n bildu ginen Kilika bertso eskolako kideak,  18.30etan hasiberriekin eta 19.30etan orain dela ez hainbeste hasitakoekin.  Aurreko Ostegunean berriz, ez genuen gure ohiko gela erabili bertsotarako, Aek-n “trastero” izenez  ezaguna den gela (zergaitik ote da?),  eta Ostegunero guri bertso on zein txar batzuk botatzeko eta ardo botila eta gazta edo txorizo  zati batzuen bueltan kantatzeko parada ematen digun gela hain zuzen ere.  Baina oraingo honetan, KORRIKA dela eta, honen inguruko materialez gainezka zegoen normalean erabiltzen dugun gela hori.
KORRIKA-ren hasiera gero eta hurbilago daukagu. Gero eta gutxiago falta da, KORRIKA-k Euskal Herriko kaleak kolorez, ilusioz, indarrez,  alaitasunez  edo gogoz zipriztindu ditzan. Aurtengoa 17.edizioa dugu. Gure herrian indartsu gaudenaren seinale. Milaka euskaltzale mugitzen gara KORRIKA-ren inguruan, aek-k beste hainbat eragileekin elkarlanean hamaika antzerki, kontzertu, edo poteo antolatzen ditu, eta hain zuzen ere, datorren Apirilaren 8an Sasiburu, Aek, San Bizenteko Jai batzordea eta Kilika bertso eskolaren artean bertso poteoa antolatu dugu arratsaldeko 20.00etatik aurrera, San Bizenteko tabernetatik zehar.
Jada 2 urte pasa dira, lehenengo HASI bertso eskola zena, eta  egun KILIKA bertso eskola  dena, Aek-ko lokaletan biltzen hasi zenetik. Badira bi urte, bertako irakasle zein ikasleek gure hasierako bertso traketsak, gaur eguneko bertso on zein txarrak eta desafineren bat edo beste sufritzen hasi zirenetik. Bi urte luzetan zehar ere,  “kotxe eskoba” lanak egitea tokatzen zaion irakasleak, bertso eskolako kideak ardo pixka bat edanda bertsotan emozionatzen garenean, pazientziaz jantzi eta gaueko 10ak arte lasai lasai itxaron behar izan gaitu. Eta guzti hau posible egiten duzuelako, zuei esker bilgune eroso eta epel bat aurkitu dugulako bazen garaia KILIKA bertso eskolako kideok zuei  zeozer eskeintzeko ere.

Hona hemen aurreko korrika Barakaldotik pasatu zeneko bideoa:




Eskerrik asko zuen trasteroa uzteagaitik!!!!
EUSKARA ZEIN BERTSOA….
MAITATU, IKASI , ARI…….EUSKALAKARI!!!


Aitzi

2011/03/27

Bertso Afaira SESTAOn.

Aek-k Bertso Afaria Antolatu du Sestaon. gaueko 21:30etan Frontoian.
Animatu eta Parte hartu!!!
IKA IKA IKA BADATOR KORRIKA!!!!!


2011/03/19

CARRASCOLIENDASEKO ABENTURAK

Larunbat goizean Trapagaranetik ibili ginen Carrascoliendas inauterietan. Lotsak etxean utzi; eta amamaren edo aititeren arropa zaharrak hartuta, kalera irten ginen, beti bezala, elkarri zirikatzeko gogoz.

            Carrascoliendas trenak lau geltoki izan zituen bazkaldu baino lehen: Zaballa, Ugarte, Elgero eta San Gabriel, hurrenez hurren. Askotan poliki-poliki hasita hartzen da abiadurarik handiena. Larunbatean halaxe izan zen. Zaballan, motorrak piztu genituen; Ugarten, berotzen eta abiadura hartzen hasi ginen; Elgeron apur bat azkarrago (Aupa Trapagaraneko bertso eskola!!); eta San Gabrielen, are hobeto, ia-ia deskarrilatu arte.

            Baina ez ginen deskarrilatu, eta ederki pasa genuen. Bazkariaz eta bazkalostekoaz ezin dizuet ezer askorik kontatu, izan ere, alde egin behar izan genuen.

Hurrengo urtean inauteri hauek berriro ospatzea espero dut (aditzaren bi zentzuetan).


Urtetan oilarra isilik
oilobusti baten eran,
baina aurten berriz oilartu
ta kantatu du primeran,
inauteri berrietan
doinu zaharrekin teman,
iturri zaharretik gura
dugu ur berria edan.
Ohore bat egotea
berpizte honen hasieran,
auzoz auzo kantaz kanta
ibili gara erdi hegan.
Helburu sinplea bezain
handia dugu aukeran:
herriarengandik jaso
eta herriari eman

ION BARROKAL


Hona hemen egun handi honetako pare bat bideo. Gure Bertso eskolako kidea den Nuria, bertan parte hartu eta bideo hau dauka sarean eskegita: